Skip navigation.

Gaztelaniaz María San Gil, Alderdi Popularraren lehendakaritzarako hautagaia
Hasiera > Gure konpromisoa euskaldun guztiekin

Hauteskunde programa: Gure konpromisoa

 

Datorren apirilaren 17an, euskal herritarrek hitzordua dute hautestontziekin. Egun horretan, Eusko Legebiltzarrerako gure ordezkariak hautatuko ditugu datozen 4 urteetarako, eta ordezkari horiek eratuko dituzten gehiengoen mende egongo da Eusko Jaurlaritza berria.

Apirilaren 17an, hortaz, aukera paregabea dugu gure botoen bidez Euskadin aldaketa politikoa bultzatzeko, gu guztion zerbitzura egongo den gobernu berria osatzeko, bakea eta askatasuna ardatz izango dituen egitasmoa abiarazteko. Aldi berean, aukera ezin hobea dugu gobernu nazionalistek gidatutako 25 urteko katea eteteko, eta Ibarretxe Planaren bitartez haustura eta gizartearen zatiketa beste helbururik izan ez duen legealdia atzean uzteko.

Euskadiko Alderdi Popularrak alternatibaren alde dihardu, beste gehiengo bat eraikitzearen alde, beste kontzeptu batzuetan oinarriturik gobernatzeko prest, beste helburu batzuekin eta gizarte osoaren zerbitzura. Horixe egin dugu, koherentzia osoz, gure botoek horretarako bidea eman duten leku guztietan. Eta 2005. urtean, jakitun gara soilik PPk gauza dezakeela alternatiba hori apirilaren 17an hautestontziak itxi ondoren.

Programa argi eta zehatz batekin aurkezten dugu gure burua hauteskundeetara, eta herritarren helburuetan oinarritutako proiektu politikoa eskaintzen diogu euskal gizarteari. Jendearen zerbitzura dagoen proiektua, pertsonekin konprometitua, gizon eta emakume libreez osatutako gehiengo pluralarekin identifikatua, etorkizun hobe eta guztiz demokratikoa eraikitzeko xedearekin.

Nazionalismoak euskal gizarteari eskaintzen dion gauza bakarra hauxe da: etengabeko frustrazioa, zatiketa eta ezegonkortasun gero eta handiagoa, denbora alferrik galtzea… eta hori guztia Ibarretxe Planari esker, ETA-Batasunaren eskutik.

Ezin dugu horren aurrean etsi. Euskal herritarrok nahikoa kemena eta borondatea dugu gure instituzioak demokratikoki berrituko dituzten alternatiba politikoak bultzatzeko. Alternatiba ezin daiteke ahultasunetik eta konplexuetatik eraiki, edota nazionalismo aseezinari amore emanez. Aitzitik, Euskadiko errealitate politiko eta soziala kontuan hartuz landu behar da, herritarrak, gure gizartea osatzen duten pertsonak aintzat harturik.

Iritsi da bizikidetza eta koexistentzia bultzatzeko ordua. Euskal gizartearen gehiengoa konprometitua dago askatasunen eta balore demokratikoen defentsarekin, eta apustu garbia egiten du: terroristak demokratikoki garaitzea. Arau demokratikoen defentsa irmoaren alde dagoen gehiengoa da, Gernikako Estatutuaren eta gure autogobernuaren instituzioen alde. Gehiengo plurala, aurrerabidea eta ongizatea bilatzen dituena, lehentasuna egonkortasun politiko, ekonomiko eta sozialera bideratutako politiketan jartzen duena.

Konprometituak gaude, horrenbestez, pertsonekin, haien helburuekin eta arazoen soluzioekin. Beste gobernu bat nahi dugu, beste politika bat egiteko. Nazionalistek bizkarra eman diote euskal gizarteari, eta helburu alderdikoien mende jarri dituzte instituzioak. Euskadiko Alderdi Popularrarentzat, pertsonak dira ekintza politikoaren erreferentzia eta ardatz.

Proiektu politiko irekia landu dugu, parte-hartzailea, gizartearen oinarri zabal horren adierazgarri. Proiektu koherente eta kontsekuentea, agintea gizartearen zerbitzura jarri nahi duena. Eusko Jaurlaritzaren betebeharra baita herritarrak egiazki kezkatzen dituzten arazoak konpontzea, eta ez kezka eta arazo horien sorburu izatea.

Eskuetan duzun programak alternatibaren aldeko deiadarraren adierazpide izan nahi du. Alternatiba hori amore ematen ez duten euskal herritar guztiei eskaintzen diegu, politika egiteko beste modu bat eskatzen ari direnei, apirilaren 17an beren botoen bidez aldaketari bultzada emango diotenei.

Hauxe da gure konpromisoa euskal gizartearekin. Eta idatziz jarritako konpromiso honetarako, zure babesa eskatzen dugu hautestontzietan.

2005 © Euskadiko Albedi Popularra