
Alderdi Popularra 1989ko urtarrilean sortu zen, Alianza Popular zeritzon alderdiaren ondorengo Alderdi Popularra birsortu zenean. Une hartan, Euskadiko eskuinari eta zentroari atxikitako pentsaera konstituziozale eta foruzaleen elkargune bilakatu zen.
Alderdi Popularra birsortu zenean, Aliantza Popularrak, UCD alderdiak, Alderdi Demokrata Popularrak, Unión Liberal alderdiak eta CDS alderdiak bat egin zuten eta trantsizio-aldiko nahiz 1979ko Gernikako Autonomia Estatutu berria onartu osteko politikari entzutetsuak alderdi berrian kidetu ziren.
Ordura arte, 78ko eredu konstituzionala, foruen berezitasuna eta euskal nahiz espainiar gizarte modernoaren ildo liberalak aldezteagatik, arestian aipatutako alderdietako jarraitzaile eta kargudun askok, Euskadiko Alderdi Popularrera batu zirelarik, ETAren eta antzeko antolakunde terroristen indarkeria pairatu zuten.
Ibilbide berri horretan, alderdiarekin bat egindako politikari ausart batzuek aurre egin zieten ETAk sorrarazitako intolerantzia eta fanatismoari. Testuinguru horretan, orduko Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente Gregorio Ordoñez 1995eko urtarrilaren 23an erail zuten. Abertzaleen terrorismoak heriotza emandako biktimen zerrenda luzean, lehenengoa izan zen Gregorio.
Indarkeriazko astinduen ondorioz, Euskadiko Alderdi Popularrak funtsezko konpromisoa hartu zuen askatasunaren eta konstituzioaren balioak defendatzeko eta, zailtasunak zailtasun, popularren zerrendak osatzen joan ziren hauteskunde guztietan, harik eta, 1999ko udal eta foru hauteskundeetan, alderdiak Gasteizko alkatetza eta Arabako Foru Aldundia eskuratu zituen arte, Alfonso Alonso eta Ramón Rabanera erakunde horietako buru izan zirela, hurrenez hurren. Gainera, popularrek beste udal batzuetan gobernatu zuten eta alderdiaren ordezkaritza nabarmen handitu zen Euskadiko beste udal askotan.
2011ko udal eta foru hauteskundeetan ere, Javier Marotok eta Javier de Andrések buru jardun zuten, hurrenez hurren, Gasteizko Udalean eta Arabako Foru Aldundian.

Euskadiko Alderdi Popularrak egitura sendoa antolatzen jakin du hiri eta herrietan eta, zalantzarik gabe, Belaunaldi Berriek sekulako ahalegina egin dute lan horretan. Popular gazteen taldea alderdiarekin batera garatu da eta hango kideek parte-hartze handia dute gazteen eztabaidagune politikoetan. Euskadiko Alderdi Popularreko gazteak oso garrantzizkoak izan dira gure historiaren mugarrietan, hala nola Ermuko Izpiritua deitutakoa sendotzen edo Euskadiko udal zailetan ordezkaritzari eusten, betiere oso baldintza gogorretan.
Gaur egun ere, gure erakundea giltzarria da euskal foraltasunaren berezitasunak defendatzen. Ekonomia Itunaren eta Kupoaren inguruan historian zehar eta orain dela gutxi adostutako akordioak, Euskadiko aurrekontu-egonkortasunari heltzeko konpromisoa edo zerga-erreformari buruzko hitzarmena baditugu, argi eta garbi, erantzukizun eta zertarakotasunaren erakusgarri, eta Euskadiko Alderdi Popularrak horiek guztiak bere gain hartu ditu legezkotasunaren eta erakundeen jardunbide zuzenaren mesedetan.